Proiektua

TIRABIRAK / tiras que aflojan gure iragan gatazkatsua jorratu duten bineten gaineko egitasmoa da. Euskal Herriko Unibertsitateko EMAN ikerketa taldeak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzako programarentzat, euskal gatazkei buruzko tira grafikoen gaineko laginketa sistematiko eta zabala jorratu du.

Proiektu transmediaren lehendabiziko emaitza da erakusketa ibiltaria.

Erakusketan azken lau hamarkadotan egunkari garrantzitsuenetan argitaratutako marrazkigile ugariren zintak daude ikusgai. Askotariko hurbilpen, ikuspuntu eta estiloz eraikitako proiektua da.

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitako Bakearen Itsasargian kokatzen da egitasmoa, bakearen, errespetuaren eta bizikidetzaren eremuan, alegia. Iraganari buruzko begiraden aniztasuna du oinarri, eta hori da, hain zuzen ere, erronkarik behinena: ikuspegi anitz jasotzea kontakizun partekatuaren hazia ereiteko. Zentzu horretan, egunkari eta aldizkarietako binetek narratiba ugari ezagutzeko eta aintzat hartzeko lagungarri izan daitezke.

Zehazki, TIRABIRAK / tiras que aflojan erakusketak 1977 eta 2016 urteen artean argitaratutako binetak jasotzen ditu. Lau hamarkada luze horietan gure jendarteak pairatutako 150 gertakari aukeratu eta egunkarietan aztertu dira. Lehendabiziko hamarkadetan argitaratutako binetak sei egunkaritatik bildu ditugu: Deia, Egin, El Diario Vasco, El Correo, ABC eta El País. 1988tik aurrera aldiz, arestian aipatutakoei, Diario de Navarra gehitu zaie, 1989an El Mundo eta 1990ean Euskaldunon Egunkaria. Gero, baita Gara eta Berria ere. Hortaz, azken hogeita sei urteak aztertzerakoan gertakari bakoitzeko, gutxienez, zortzi egunkari behatu ditugu. Inoiz, La Razón, Diario de Noticias de Navarra, Diario 16, Ya, La Vanguardia, eta Ipar Euskal Herriko Enbata, Sud Ouest edo Le Journal du Pays Basque-eko tirek ere erakusketa aberastu dute. Batutakoak ez dira urte luze hauetan argitaratu diren guztiak, noski, baina erakusketara marrazkilarien unibertso zabala ekarri da:

Zaldieroa, Máximo, Zulet, Peridis, Tasio, Forges, Máximo, Oroz, Olariaga, Ripa, Mattin, Ricardo & Nacho, Martín Morales, Aós, Martintxo, Ramón, Iñaki & Pintu, Dusón, Idígoras & Pachi, Mingote, Angel & Guillermo, Jon Zabaleta, Michel Iturria, Juan Carlos Eguilleor, Romeu, Puebla, Rafa Ramos, Adur, Antón, Axpi, Endika, Eneko, Ferreres, Gallego & Rey, Jon Pedro, Koldo, López & Pérez, Mad, Mokordo, Ori, Peli, El Perich, Ricardo, Romeu, Tulino eta Xim.

TIRABIRAK / tiras que aflojan erakusketa mamitzeko, 15.000 egunkari inguru aztertu dira eta lagina osatzeko, 30.000 bineta baino gehiago ikuskatu. Bineta horietatik, aipatutako gertakariekin zerikusirik duten 3.500 tira identifikatu ditugu. Azkenik, 448 ekarri ditugu erakusketa fisikora eta beste horrenbeste erakusketaren webgunean kokatuko den errepositorioan egongo dira ikusgai.

Proiektua jorratzeko prozesuak iraun duen bitartean, gertakari eta gatazka horien ziklo luzea berrikusterakoan, taldekideen arteko hausnarketak eta eztabaidak etengabeak izan dira. Erakusketaren eragileok bizitako esperientzia, TIRABIRAK / tiras que aflojan erakusketara hurbiltzen den orori ere eskaini nahi zaio. Horretarako, honako helburu orokorrak markatu dira:

  • Euskal iragan gatazkatsuaren (ber)ezagutza partekatua bultzatu.
  • Ezagutza partekatu horretan oinarrituta, gertatutakoari buruzko hausnarketa kritiko orokorra eta gogoeta bideratu, inoiz errepika ez dadin.
  • Gatazken oinarrien inguruko hausnarketa eragin, konponbiderako saiakerak erakutsiz, gaurko eta etorkizuneko bizikidetza eraikitzeko lagungarri izan daitezen.
  • Komunikabide eta, zehazki, egunkarien eta umore grafikoaren eginkizun eta ardura publikoari buruz eztabaida publikoa suspertu.

Proiektua, erakusketaz gain, bestelako edukiz ere osatuko dugu ibilbide ibiltarian aurrera egin ahala. 2016an egingo duen bidaia horretan, honako osagarriak ere izango ditu TIRABIRAK ekimenak:

Artxibo interaktiboa: erakusketarako aukeratutako binetak era digitalean ikuskatzeko aukera izango da erakusketan bertan. Datu-base honetan, gainera, erabiltzaileak hainbat kontsulta aukera izango ditu eskura (datak, egunkariak, sortzaileak…).

 

Elkarrizketak: telebista pantaila batean bineten sortzaileei egindako elkarrizketak izango dira ikusgai, baita komikigintza politikoa zein umore grafikoa aztertu duten adituak, edota komunikabideetako arduradunen hitzak ere.

 

Ikus-entzunezko ondarea: EITBren artxibo irudiekin osatutako kontakizuna ere izango da ikusgai; binetek erakusten dituzten gertaeren narrazioa garaiko irudiekin osatzeko.

 

Webdoka: dokumental interaktibo batean bilduko dira erakusketako bineta guztien datu-basea, elkarrizketak eta ibilbide kronologikoa. Horrela, erabiltzaileari hainbat aukera eskainiko zaizkio eta bisitari bakoitzak aukeratuko du zer ibilbide egin nahi duen TIRABIRAK / tiras que aflojan erakusketaren unibertsoan.

 

Ekitaldiak: eztabaida zein hausnarketa elkarguneak ere sortuko ditugu, eta gaiaren inguruan sakon aritzeko, udako ikastaro berezi bat prestatzen ere bagabiltza.